Araba Bonua, berebiziko bultzada
2021ko abenduaElkarrizketa: Maria Pilar Garcia de Salazar, Ekonomiaren Garapen, Berrikuntza eta Erronka Demografikoko foru diputatua Axier Urresti, Vital fundazioen zuzendari exekutiboa.
Araba landatarraren negozioen erakusleihoa ogia besapean zuela etorri zen mundura: Araba Market Bonuak; Arabako Foru Aldundiak eta Vital Fundazioak eskuz esku oratu eta laberatu duten mokadu erakargarria. Sukalderaino sartuko gara errezeta horri buruz hitz egin diezaguten.
ARABA MARKET. – Onerako edo txarrerako, salatzeko gaitasuna dute beti zenbakiek. Araba Market abian jarri eta lehen lau hilabeteetan, eta, beraz, ezezaguna izanik, 250 negozio baino gehiago atxiki zitzaizkion plataformari, eta jaulkitako 18.000 bonuetatik 15.000 baino gehiago agortu ziren, urte amaierara arte irautea aurreikusita egon arren. Horren ondorioz, bonuen bigarren edizio bat jarri zen abian azaro-abenduko hilabeteak estaltzeko, eta astebetean saldu ziren bonu guztiak. Ekimen hori 5.000 biztanletik beherako biztanle-guneetan zentratzen dela kontuan hartuta, zer iruditzen zaizkizu zenbaki horiek?
MARIA PILAR GARCIA DE SALAZAR. – Oso zenbaki onak iruditzen zaizkit. Kanpaina hori abian jartzeko erabakia hartu zenean, baziren antzeko esperientziak beste leku batzuetan, emaitza diskretuekin. Egia esan, hasieran ez genuen espero gaur egungo kopuruetara iristea, baina zenbaki horiek Arabako landa-eremuko jarduera ekonomikoa erakusten dute. Abuztutik, landa negozioetako askok amaituta zuten 188 bonuko kupoa, eta kontagailua zerora itzultzeko eskaera asko izan ditugu.
Hala ere, bonuak ia amaitzen ari ziren; hori dela eta, kopuru ekonomikoa beste 50.000 € igotzea erabaki zen, hau da, 6.250 bonu gehiago jartzea, eta negozioetarako zein erosleentzako bonu-kopuruaren kontagailua berrezartzea. Uste dut inork ezin zuela espero bonu guztiak astebetean agortzea. 25.000 bonu saldu dituzte guztira, eta ekimenak harrera ona izan duela erakusten dute.