Haizea Gorbeiako Artzainaren kontakizunak
2021ko azaroaNire zuhaitz adiskide onenaren ondoan
Kaixo; nire izena Haizea da. Nire abizena —Gorbeiako Artzaina— dela eta, gaizki-ulertuak gertatzen dira, ez bainaiz artzain-txakurra, nahiz eta Gorbeialdean jaio; Arabako ingurune honi izena ematen dion mendi handi-handi bat dago hemen, Gorbeia. Mendi kuttun-kuttuna da, Euskadiko parke natural handiena dago bertan, bai eta hamaika kondaira ere.
Hizkuntzekin ederto moldatzen naiz. Zankua eta ladrillanoa (txakurren euskara eta gaztelania) arazorik gabe hitz egiten ditut eta, diotenez, zaunka egiten baino lehenago hasi omen nintzen balaka, kume nintzelarik ardiekin jolasean ematen bainuen eguna. Usaimenarekin aditzen diren hizkuntzak ere ezagutzen ditut, hau da, haizearena, basoetakoa… eta txorien eta ibaien hizkuntza ulertzeko ere gai naiz. Hara! Nire curriculuma aurkezten ari naizela ematen du. Egia esan, urduri samar nabil gaur, Araba Market-en gidari-txakur lanak egiten hasi behar dut eta.
Hasteko, nire gertuko inguruneari buruz hitz egin nahiko nizueke; izan ere, Irene eta Aitor nire giza gurasoak dira, eta haien senitartekoak bisitan izan berri ditugunean oso gustura egon gara. Bagenekien uda hau nolakoa izango zen, landetxeak gainezka egongo zirela, eta Kataluniako nire giza senitartekoek gu bizi garen inguruko landetxeetan hartu behar izan dute ostatu. (Nire giza gurasoek esan didate ez dudala nire herriaren izena aipatu behar, pribatutasuna gordetze aldera, baina nik esango nuke Simpson familia imitatzen ari direla, suspensea sorrarazteko).
Izeba Merçé eta bere seme Albert Gopegiko Quopiki landetxean egon dira, oso-oso gustura. Bete-betean asmatu dute. –Tamalez, Bonoaraba…market-ak agortuta zituzten– esango luke izebak. Albert estresak jota eta bizkarrean tentsio handia pilatuta etorri zen, eta fisioterapia saio bat hartu zuen Zainduz Fisioterapian; pozarren geratu zen: –Berria bezala, ezta? Tamalez Araba Market bonuak agortuta zituzten–. Nolako zura, halako ezpala. –Itxura ezin hobea duzue, gazteago zaudete– izeba Merçé piropoak botatzen beti. –Badakizu… Arabak eskaintzen duen bizimodu osasungarria–, erantzun zion aitak, baina koketeria apur bategatik edo, ez zuen esan bezperan Ziar ile-apaindegiko Itziar estilistari bisita egin zionik.
Berriz elkar ikusteak eragindako emozioa gainditu, eta errepidea oinez —eta nik lau hankatan— zeharkatu genuen ondoko herria erakusteko: Ondategi; oso herri ezaguna da Araban, Zaldiaren Azoka dela eta. Aho bete hortz geratu ziren haritz ikusgarri eta erraldoia ikusi zutenean, elizaren ondoko belaze lasai batean; ehunka urte ditu, eta 20 metroko luzera. Adaburuak 30 metro ditu diametroan, eta enborraren perimetroa 5 metrora ere iristen da. Euskadiko Zuhaitz Apartekoetako bat da.
Zenbat arratsalde ez ote ditut eman naturaren monumentu jakintsu honen ondoan, haren esanei erne; nire zuhaitz adiskide onena dela esan dezaket, bizitza osotik ezagutzen baitugu elkar. Beti egiten diet kasu haren gomendioei. Denborak eta nire irudimenak hegan egiten dute haren adar beteen kontakizunekin. Haritz senideetako asko Madrilgo El Escorial eraikitzeko erabili zituzten, edo Itsas Armada Garaiezineko itsasontziak egiteko.
Izan ere, nire adiskide zuhaitza Amerikaren Aurkikuntza esaten duten hori baino lehenago sortua baita, ziurrenik. Baina ez gaitezen tristatu; Ondategiko bisitak amaiera bikaina izan zuen: Naturokela dendan ehuneko ehun ekologikoak diren txuletak erosi genituen, etxean otordu ederra prestatzeko. Muuuuuundialak!! –halaxe dio Sergiok, ekoizleak.