Haizea Gorbeiako Artzainaren kontakizunak (3)
2022ko apirilaArabako basoen interneta
Gaur, animaliok aspaldidanik ezagutzen dugun gertaera bati buruz hitz egin nahi dizuet; naturak ezkutuan gorde du, milaka urtean, gizakientzat harrigarria den fenomeno hori, azken hamarkadetan ikerketa zientifikoen kate batek aurkitu eta egiaztatu duen arte: zuhaitzek elkarrekin hitz egiten dute, elkarri laguntzen diote eta elkartasunez babesten dute elkar.
Espezie berekoak izan edo ez, basoetako zuhaitzak elkarren artean konektatuta daude, euren artean eta zuhaitzen sustraiekin lotutako lurpeko onddo-sare baten bidez; sare horrek mikorriza-sarea izena du (mico = onddo, riza = erro). Horren bidez, karbonoa, ura, azukrea, nitrogenoa eta fosforoa bezalako bizi-baliabideak transmititzen dira, baina informazio konplexuagoa ere partekatzen dute, seinaleen bidez.
Sareak arriskuez ohartarazteko aukera ematen die. Horren adibide harrigarri bat Van Hoven zoologo hegoafrikarrak aurkitu zuen, 90eko hamarkadan. Haren ikerketak argitara eman zuenez, hausnarkari goseti baten mehatxupean daudenean, alerta-seinale bat igortzen diote akaziek beren zuhaitz-taldeari, eta pozoi toxiko bat sortzen dute hostoetan bospasei minututan, autodefentsa gisa. Van Hovenek egiaztatu zuen elkarrengandik urrun dauden akaziak direla hausnarkariek gehien erabiltzen dituztenak.
Duela gutxi egindako ikerketa batean, hainbat Douglas izei landatu zituzten elkarrekin negutegi batean; horietako batzuk, poro finezko poltsetan isolatuta. Zuhaitz jakin batzuek estresa jasan zuten, hostoak jaten zituzten larbekin eragindako infekzio baten bidez. Berehala, mikorrizen sarera konektatuta zeuden zuhaitzak entzimak sortzen hasi ziren immunitate-sistema gainaktibatzeko eta indartsuago egoteko; lurretik poltsa bidez isolatuta zeuden zuhaitzek, berriz, ez zuten aldaketa metabolikorik erakutsi, eta erasoa jasateko arrisku handiagoa izan zuten.
Zuhaitz batzuk baldintza txarragoetan daudenean ere laguntzen diote elkarri, eta Peter Wohlleben baso-ingeniari alemaniarrak bere Zuhaitzen bizitza sekretua lanean deskribatzen duena bezalako kasu maitagarriak gertatzen dira; izan ere, duela laurehun urte baino gehiago moztutako pago baten motzondoak oraindik ere bizirik dirauela deskubritu zuen, azal lodiaren azpian klorofila berdea duela; hostorik ez duenez azukrea sortzeko, ondoko zuhaitzek mantendu dute bizirik motzondoa, sarearen bidez. Zoragarria, ezta?
Suzanne Simard zientzialaria (Columbia Britainiarreko Unibertsitateko doktorea Vancouverren) eta bere ikerketa-taldea dira Wood Wide Web (basoetako internetaren antzeko zerbait) izeneko komunikazio-sare harrigarri horren funtzionamenduaren aurkitzaileak. Ikerketa sakon batek frogatu zuen, halaber, zuhaitzek rol desberdinak jokatzen dituztela lurpeko sare horren barruan. Zuhaitz handienak eta zaharrenak (“ama zuhaitz” gisa ezagunak) dira gainerakoekin gehien konektatuta daudenak eta bizi-baliabideak zuhaitz gazteenetara transferitzen laguntzen dutenak.
Beste azterlan interesgarri batek eskala globalean aurkezten du Wood Wide Webaren lehen mapa. Zuricheko (Suitza) Eskola Politekniko Federaleko Crowther laborategiko eta Stanfordeko (Ameriketako Estatu Batuak) Unibertsitateko ikertzaileek egin zuten datu-basea (baso-inbentarioko 11 milioi lursail baino gehiagoren mapaketa, 70 herrialde baino gehiagotako 28.000 zuhaitz-espezie baino gehiago dituena).